Historia
MUTILOAKO HISTORIA
Mutiloan ez da historiaurreko komunitateen arrastorik baina horrek ez du esan nahi ordea, Mutiloako eremua, pasealeku, ehiza-leku eta gizakien kokaleku ere izan ez zenik.
Garai historikoetara salto egiten badugu, zenbait autoreren esanetan Mutiloa, Zerain eta Legazpi artean dagoen meatze eremua erromatarrentzat garrantzitsua izan zen. Hortik dator bertako toponimian Troi izena jasota egotea.
Mutiloako idatzizko lehen aipamenak 1384koak dira, garbi dago horren aurretik ere existituko zela baina gure artxiboetan ez da aurreko aipamenik geratu. Dokumentu horrek Mutiloako auzokide eta herritarrak, Lohan Lencaranen eta Segurako ordezkariaren akordioa jasotzen da.
Mutiloa Segurara anexionatzeko idatzia Juan I eta Enrique III errege gaztelarrek baieztatu zuten 1387an eta 1393an. Mutiloa Segurarekin batuta egon zeneko 231 urteetan, ezin konta ahala tirabira izan ziren. Anexio hau baieztatzeko baldintzak, ingurukoei ezarri zitzaizkien berdinak izan ziren, lurrak eta jabetzak mantentzea eta administrazio ekonomiko propioa izatea.
1615eko otsailaren 4an, Mutiloari makila ematea onartu zen . Makila horrek alkate propioa izendatu eta erabateko autonomiaz gobernatzeko eskubidea irudikatzen zuen 2.400 dukat ordaintzearen truke. Horrela Udala osatu zen, alkate batekin, 2 erregidore eta prokuradore bat. Eta horrela iraun zuen 1845. Urtera arte. Urte honetan Udal gobernua, Alkateak, alkateordeak eta 4 erregidorek osatu zuten.
Mutiloa betidanik izan da nekazaritzarekin lotutako lurraldea, aldi berean ordea, meatzaritzak sekulako pisua izan du, inguruko mendietan burdina eta kobre ugari dago.
MUTILOAKO PAISAIA KULTURALA
Mutiloako Udal barrutian, Goierriko bihotzean, Meatze barruti garrantzitsuenetariko bat dago. Kultur eta natura aberastasuna paregabeko paisaia baten erdian ageri zaigu. Nekazaritza, abeltzaintza, basoen ustiaketa, errotetako lana eta meatzaritza aldi berean landu izan dira eta agerikoak dira jarduera hauek gure inguruan utzitako arrastoak.
Meatzaritzaren lehen arrastoak Erdi Arokoak dira eta hortik datoz bertako leku izen batzuk, Troy esaterako. Gaur egun bakea, lasaitasuna nagusi den paraje hauek, meatzaritza jarduerak martxan zegoen bitartean, mugimendu handiko eremua izan zen. Herriko zaharren esanetan auzoan bertan eskola ere bazegoen.
Duela hamarka da,bertako paisaiak zuen edertasun naturala aprobetxatuz, Mutiloaren historiaren zati bat berreskuratzeari ekin zitzaion. Ordutik hona garai bateko trenbidea Bide berde bihurtu da, herritik meatze barrutirako bidea eta inguruko beste bide batzuk berreskuratu dira, aspaldiko eraikin aztarnak bistaratu eta interpretatu dira eta balio handiko heze guneak sendotu.
Ilusioz hasitako bideari jarraitzea erronka handia da eta horretan jarraitzeko asmoa dago.
MUTILOAKO ERAIKIN GARRANTZITSUAK
SAN MIGEL GOIAINGERUA ELIZA
San Migel Goiaingeruaren eliza nabe bakarrekoa da, areto itxurako oinplanoan, barrualdean dorrea eta gurutzeria gangekin. Alboko atari batetik sartzen da elizara.
XVI. mendearen bukaeran eraikitzen hasitako tenplu berri dugu baina hurrengo mendearen hasieran, 1602an berriro ekin zioten eraikitzeari. XVIII. Mendean elizaren egoera negargarria zen eta tenplua berritzea adostu zuten.
1773ko abenduan Donostian bizi zen arkitekto, eskultore eta tailagile idiazabaldarrak, Azurmendik erretaula nagusia eta alboko bi erretaulak eta sakristiako tiraderak egiteko kontratua lortu zuen.
LIERNIKO ANDRA MARIAREN ERMITA
Mutiloako aintzinako parrokia omen da eta atzealdean hilerria omen zeukan baina inork ez du giza hezurrik agertu izanaren arrastorik.
Tenplu xumea da, 20 m. luze eta 18 m. zabal, lau zutabek bereizitako hiru nabetan banatua eta kanpoaldean kanpandorre txiki bat dauka.
Mutiloarren arten debozio handiko otoiztegia izanik, aintzinean komunitateak mehatxuren bat zuen bakoitzean , prozesioan ermitaraino igotzeko ohitura zegoen. Errogatibak egiten ziren lehortea zenean ura eskatzeko.
Ugalkortasunarekin ere lotu izan da Lierniko Ama birjina. Ohitura zaharrari jarraituz eta oiloak arrautza errule onak izan zitezen, pare bat oilasko eskaintzen zitzaion Ama birjinari. Oilaskoak beretzat hartzen zituen serorak, ermita garbitu, argiak mantendu eta kanpaiei eragitearen truke.
ERROTATXO ERROTA
Mutiloako herrigunean bertan dago, Troi errekako eskuin aldeko ertzean .
Errotatxo eraikina, Kalifikatutako Kultura ondarea da, erdi mailako babesarekin. Errota hau 1980ko zentsoan agertzen da eta Errepublika garaian bere osotasunean martxan egon zer. Garai honetan eskaera handia zegoen, gosete handiko garaiak ziren eta beharrezkoa zen artoaren eta gariaren eraldaketa, gosea asetzeko.
Azkeneko errotaria Jose Antonio Alustiza zen.
Eraikinak L forma du eta altuera desberdinetan eraikita dago; eraikin batean ukuilua, errotariaren etxebizitza eta ganbara daude eta bestean berriz, errota dago.
Errotak garai batean Zerain errekatik eta Troi errekatik hartzen zuen ura.
Hamarkada bateko etenaldiaren ondoren, Errotari balioa emateko eta mantentzeko berrikuntza lanak egin dira eta berriz ere errota martxan jarri da.